EHUN ekimena

EHUN ekimena

Hemen gaude, etxebizitzaren prezioa dela eta, gure auzo eta herrietatik kanpora bizitzera joan behar izan garen herritarrak. 

Hemen gaude, urrun dauden herrialdeetatik lanera etorri eta, traba eta papeleo amaigabeetara kondenaturik gauden euskal herritarrak.

Hemen gaude gure bizitzako alor guztietan euskaraz bizitzeko aukerarik ez dugun herritarrak.

Hemen gaude kobratzen dugun pentsioarekin justu baino justuago gabiltzan herritarrak. 

Hemen gaude, lagunekin parrandan ibili eta gero, goizeko lauretan etxerako bidea pauso azkarrez eta beldurtuta egiten dugun emakumeak. 

Hemen gaude, merkataritza gune handien ugaritzea dela eta, herriko betiko dendak ixtera behartuta gauden dendariak. 

Hemen gaude baxoa frantsesez egitera behartuta gauden gazteak. 

Hemen gaude kalitatezko produkzioa egin arren hiltzera kondenatu  gaituzten baserritarrak. 

Hemen gaude egun osoa lanean ibili arren miseriaren mugan bizi garen  langile autonomoak. 

Hemen gaude, gure seme alaben unibertsitateko ikasketak ordaintzeko zailtasunak ditugun gurasoak. 

Hemen gaude, urrutiko kartzelatan senide eta lagunak ditugun herritarrak. 

Hemen gaude Estatuaren betebeharra beharko lukeen zaintza dohainik edo lau sosen truke egiten dugun herritarrak. 

Horiek guztiak eta askoz ere gehiago gara eta hemen gaude. Bai, hemen gaude, egunerokoan eragiten diguten arazoak, urteak joan eta urteak etorri, bere horretan edo okerrera doazela sentitzen dugun euskal herritarrak. Hemen gaude, gaur egungo markoan, nahiz eta saiatu,  konponbiderik ez dagoela gero eta argiago ikusten dugun euskal herritarrak.

Hemen gaude, Espainia eta Frantziaren aldetik, arazo guzti hauek konpontzeko behar den borondate politikoa ez dela egon, ez dagoela eta, etorkizunean ere, ez dela egongo uste dugun euskal herritarrak.

Hemen gaude, arazo hauek konpontzeko, Estatu batek ematen dituen baliabideak behar beharrezkoak ditugula uste dugun euskal herritarrak. Horrexegatik, hemen gauden herritarrok, egunerokoan eragiten diguten arazoak konpontzeko, Espainia eta Frantziatik atera eta Euskal Errepublika behar dugula uste dugu. Hemen gaude eta ez gaude konforme. 

Hemen gaude burujabetza hitz abstraktu bat ez dela uste dugun euskal herritarrak; burujabetzak, alor guztietan, erabakiak hartzea esan nahi duela uste dugun herritarrak. Eta hemen gaudenok uste dugu, burujabetza aldarrikatzetik edozein alorretan erabakitzen duguna praktikara eramatera pasatu behar dugula; Espainia eta Frantziako legediek ahalbidetu edo ez. Bukatu da baimena eskatzea. 

Guzti hau agerian jartzeko, Otsailaren 15ean gure herri eta auzoetan Euskal Errepublikaren eguna ospatzea erabaki dugu; egunerokoan eragiten diguten arazo ezberdinetatik abiatuz eta herri eta auzo bakoitza nahi duen gaiaren inguruan arituz. Jadanik ari gara Lapurdi, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko 21 herri eta auzo egun hori prestatzen .

Martxan jarri gara. Asko gara eta EHUNtzen hasi gara.