Bloga

Bloga

U30eko greba

EHUNek Urtarrilaren 30eko grebarekin bat egiten du

Ugariak dira kapitalismoak, bizitzaren partez kapitala lehenestearen ondorioz, eguneroko bizitzan sortzen dizkigun kalteak. Paradoxikoa
badirudi ere, kalte hauen konponbidea irudikatzeko, ezarrita datozkigun markoak erabiltzen ditugu sarri. Marko horiek kapitalismoak, patriarkatuak, Espainiak eta Frantziak sortutakoak dira, nagusiki, eta legeak noraino uzten duen, noraino iritsi gaitezkeen eta, azken finean, noraino imajinatu dezakegun esaten digute. Marko horiek ez dira posibilitate bakarra eta, bistan da, ez dira egokienak denontzat bizitza duina lortzeko. Guk duintasunaren argazkia Euskal Errepublikaren markoan ipini nahi dugu, marko hori baita guzti hau aldatzeko behar duguna eta baita aldaketa erreal bat pentsatzen hasteko behar duguna ere.

Uste dugu oximorona dela, lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzea, Espainia eta Frantziatik ateratzea planteatu gabe. Edo ba al da norbait Espainia eta Frantzian, etorkizunean, pentsio duinak izango ditugula uste duenik? Edo bizitza zentroan izango dela pentsatzen duenik? Edo lan baldintza duinak izango ditugula uste duenik? Gaur eta hemen etorkizun duinak Euskal Errepublika esan nahi du.

Egun magikoaren zain gelditu gabe, denon eskubideen aldeko borrokari, gaur bertatik, ekitea da Euskal Errepublikara heltzeko bidea.

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik, erabakitzeko eskubidea alor guztietan egikaritzera pasa behar gara. Aldarrikatzeak eskatzea esan nahi baitu, Espainia eta Frantzian posible litzatekeela esan nahi du, beraz, eta horrek kateatu egiten gaitu gainditu nahi ditugun marko zaharretara. Egikaritzen hasteak, berriz, gaur egungo markoan posible ez dela eta beste bat behar dugula plazaratzeko balio du.

Egikaritzen hasteak talka sortuko du eta talka hori izango da lan, pentsio eta bizitza duinetara gerturatuko gaituen bidea; hau da, Euskal Errepublikara gerturatuko gaituen bidea.

Argi eta garbi hitz egiteko garaia ere bada: jauntxoentzako, erabakitze eskubidea Sabin Etxean hasi eta beraien administrazio kontseiluetan bukatzen da. Ez ditugu geure bizitzak prekarizatzen dituztenak zurituko, interesatzen ez zaien eta beteko ez duten balizko herri akordio baten izenean. Ez zaie interesatzen, Espainiaren indarra behar dutelako bere interesak defendatzeko, hots, gure doako lana pilatzen jarraitzeko. Ez zaie interesatzen Euskal Errepublika batek herria indartuko lukeela badakitelako. Horregatik dira, Kataluniako borroka eta estatuaren errepresioaren aurrean erakutsi duten bezala, 78 erregimenaren azken lubakia.

Auto-eraketa (des)obedientea indartzea da gure helburua; Euskal Errepublikaren izaera, bera sortzeko prozesuan lortzen dugun indar harremanaren baitakoa izango baita. Horregatik, bat egiten dugu urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin: ondo elkartzen dituelako bizi baldintza duinen defentsa, horiek garatzeko praktikara eraman behar dugun burujabetasunarekin.

Horrenbestez, dei egiten dugu Urtarrilaren 30eko greban egingo diren mobilizazioetan parte hartzera eta mobilizazio hauetan “Bizitza, lan eta pentsio duinak izateko Euskal Errepublika” duen leloa, bakoitzak nahi duen formatuan erabiltzera.

Gora bizitza!
Gora Euskal Errepublika

U30ko greba.pdf