Ataria

 

OTSAILAK 15 ERREPUBLIKA

Gaur, Otsailak 15, Euskal Herriko 15 herri eta auzok, ikuspegi diferenteetatik, Euskal Errepublikaren beharra agerian jartzen duten ekintzak egin ditugu. Egunerokoan ditugun arazo eta kezketatik abiatuz, Euskal Errepublikaren beharra azaleratu dugu. Euskal Errepublika hezur haragitzen hasi gara.

Gaur politika egin dugu. Bokazio eraldatzailea duen politika egin dugu; politika eraldatzaileak, arrakasta izan dezan, behetik egindakoa izan behar baitu. Jendartearen arazoak konpontzea helburu duen politikak, jendartearen protagonismoa eta gidaritza izan behar ditu, ez eliteena. Politika eraldatzailearen iparrak, jendarte osoari bizitza duina ematea izan behar du. Horretarako, Euskal Errepublika oso erreminta indartsua dela uste dugu. Derrigorrezkoa.

Euskal Errepublikaren aldeko gehiengo zabala sortu behar dugu. Bide horretan, uste dugu, lehentasuna goitik egindako aliantzei beharrean, behetik egindako lanari eta konfrontazioari eman behar zaiola. Behetik hasita, aurpegia jartzen baitiogu Euskal Errepublikari; gehiengoari gustagarria zaion aurpegia. Goitik hasiz gero, berriz, Euskal Errepublikaren eskaria abstraktua bilakatzen da, aurpegirik gabea, eta, ondorioz, ez du jende berria erakartzeko gaitasunik. Goitik ehundu nahi den independentismoak ez du independentistarik sortzen. Behetik ehuntzen denak, aldiz, bai.

Herri eta auzoetan egin ditugun ekintza diferenteek, burujabetza eza jarri dute agerian. Alor ezberdinetan burujabetzak eskuratzea da helburua. Hala ere, ez dugu burujabetza eskatzera mugatu nahi. Intsumituek, Rosa Parksek, ikastoletako lehenengo irakasleek eta emakumeek borroka diferenteetan egin zuten bezala, guk ere, burujabetza aldarrikatzetik praktikara eramaten hasi behar garela uste dugu. Burujabetzak praktikara eramaten hasteak sortuko duen konfrontazioa izango da prozesu independentista arrakastatsuaren motorra.

Ekintzaz egingo dugu bidea. Ekintzari lehentasuna emanez egituratuko gara; behar errealen arabera. Aurretik finkatu gabeko egiturarik gabe, praktikak esango digu nola antolatu. Antolatzeko moduak asmatzen ari gara. Praktikak agerian jartzen dizkigun lokarriekin ehunduko dugu sarea. Modu horizontalean, naturalean eta poztasunetik.
Gure esperantza ez dugu uzten ez Espainiako eta ez Frantziako gobernuen gain, ezta egoera honetan gustora dauden alderdi politikoengan gain ere. Gure esperantza antolatzen den eta borrokatzen duen herria eta pertsonak dira. Agenda eta erritmoa markatzeko gaitasuna duen Euskal Errepublikaren aldeko mugimendu herritarra behar dugu. Gu hasi gara bide horretan gure apurra jartzen. Ateak irekita daude etorri nahi duen edonorentzat.

Bukatzeko, Maiatzaren 16rako batzar nazional bat egiteko deia zabaltzen dugu. Parte hartu nahi duen ororentzat irekia. Bertaratu nahi duenak ehunehuntzen@gmail.com helbidera mezua bidali eta argibideak jasoko ditu. Badator etorkizuna.